UDABARRIA HELDU DA!

Begiak igirita,

belarriak erne-erne,

ahoa itxita eta

txibiri txibiri txibita

ipurdia jesarrita.

Ipuina entzun, ikusi, sentitu… ostean goazen gure ahotsak entrenatzera. Zelako abesti politak ditugun zuentzako! bata zuen amatxu eta aitatxugaz abesteko eta bestea entzun eta disfrutatzeko…

  • Tximeleta mendian

  • Vivaldiren Udaberria

Orain goazen gorputza mugitzera!

Oraingo honetan teknika barri baten bidez egingo dugu; Mindfulness. Teknika honek budismoan du jatorria, baina ikuspeg zientifikotik ez da aplikatu 70eko hamarkadara arte.

Mindfulness-a lantzeak haurrei lasaitzen lagunduko dien teknikak erakutsiko dizkie, barneko eta kanpoko esperientziaren kontzientzia berreskuratzen eta beraien akzio eta harremanetan zuhurragoak izaten.

Beraien hitz eta ekintzek dituzten ondorioez jabetzen ikasten dutenean, gainontzekoak ere kontuan hartzen ikasten dute helburuak eta plangintzak zehazteko orduan, eta izan daiteke euren buruekin hobeak izatea porrot egiten duten momentuan, erreala izan edo ustea soilik.

Beraien gorputz eta buruek nabarituko duten lasaitasunari esker, adi egoteko gaitasuna eta ikaskuntza hobetu egingo dira.

Arreta hemen eta orainean jartzen ikasiko dute, momentuan gertatzen ari denaren gainean, eta honek kontzentrazioa hobetzen eta hausnartutako erantzun bat ematen lagunduko die.

Entrenamenduaren eta praktikaren bitartez, ziurrago sentituko dira eta inguru deberdinetara eta momentu bakoitzeko egoeretara hobeto moldatzen ikasiko dute.

Ikuspuntu berri honetatik, beraien buruekin eta besteekin maitagarriagoak izan a ahalko dira, jokaera zakar, suntsitzaile edo larderiazkoak alde batera utzita.

Beraien buruekin, familiekin, ikaskideekin eta lagunekin dituzten harremanak era nabarian hobetuko dira.

  • TXIMELETEN IPUIN MAGIKOA

Gorputza mugitu ostean, eskulan desberdinak egiteko proposamena datorkizue, etxetik bilatu materiala eta ea zer irtetzen den!

Beharrezko materiala: komuneko tutua, makarroiak, dilistak, oihal edo hari zati bat, kolore desberdineko margoak, tenedora, botoiak…

Orain zuretzat tartetxo bat bilatu irakurketa interesgarri eta lagungarria eskeniko dizugu.

KASKETAK

Jaiotakoan, umeek nahitaez behar dute helduaren laguntza bizitzeko; haien mendekotasuna erabatekoa da. Baina egoera hori aldatzen hasten da umeek bi urte inguru dituztenean; izan ere, oinez ibiltzen hasten dira, bakarrik elikatzeko gai dira… Independenteak izateko gaitasunak garatzen dituzte, alegia. Bizitzaren hasieran atxikimendu-irudiarekin lotura izatea ezinbestekoa baldin badute, garapen-momentu horretan harengandik banantzeko beharra daukate. Eta beharrizan hori sortzen da nork bere desioak, nahiak edo beharrak dituela sentitzen duenean. Ondorioz, halakoak adierazteko beharra sortzen zaie umeei, baina emozio edo nahi horiek kudeatzeko eta komunikatzeko gaitasun urria dutenez, kasketak harrapatzen hasten dira euren eta helduen arteko desadostasunak agertzen direnean.

Garai horretako ezaugarri aipagarria da umeen ezetza. Edozein gauzari Ez! esaten diote; adibidez,  “Ez dut kalera joan nahi!” edo “Ez dut hori jantzi nahi!” Umeak atxikimendu-irudiarengandik banantzen direnean, ezetz esaten dute euren nortasuna finkatzeko; hau da, Ni ez naiz zu, ni neu naiz. Oraindik ez dakite zehatz-mehatz nor diren, baina badakite nor ez diren. Horren ondorioz, gatazka eta arazo handiak sortzen dira, eta kasketa bihurtzen dira.

Halako egoerei aurre egitea zaila izaten da, umeek eztanda egiten dutenean modu gogorrean egiten dutelako; negar egiten dute, oihuka aritzen dira,  kontrolik gabe mugitzen dira… Jakina, helduoi dagokigu-eta kasketari zentzua eta erantzuna ematea.

Jarraibideak

  • Helduok umeekin ezartzen ditugun loturek ziurrak izan behar dute; eta horretarako, umeen beharrizanak ase egin behar ditugu, hain zuzen ere  umeek asetzea behar dutenean: loan, elikaduran, higienean, atsedenean, jolasean… Baina batzuetan, gure beharrizanak lehenesten ditugu umearen  erritmoak errespetatu beharrean. Esaterako, nekea kasketa askoren zergatia izaten da; helduok ere haserretzeko joera dugu nekatuta gaudenean.
  • Kasketari zentzua eman behar diogu: noiz gertatu den, zer egiten ari zen umea une hartan, nola dagoen orain… Adibidez: umearekin erosketak egiten ari bagara, edota ostirala izan eta umea eskolan nekatuta badago, ume horrek kasketarekin adierazi nahi digu nekatuta dagoela. Beharbada, helduok horrelako egoerak saihestu beharko genituzke kasketa agertu baino lehen.
  • Umeei hitzak eta baliabideak eman zer gertatzen zaien adieraz dezaten, hau da, gertatutakoa deskribatzeko. Haiekin lasai hitz egin, azaldu zergatik ezin duten hau edo hura egin: “Orain etxera joateko momentua da, gaua da-eta, beraz, ez gara hemen geldituko.”. Horrela, umeei errespetuz eta lasaitasunez hitz eginez gero, antzera jokatzen eta gainerakoak berdintsu tratatzen ikasiko dute.
  • Kasketek nekea eta ezintasuna eragiten digute helduoi, eta zigorra erabili ohi dugu horri aurre egiteko, edota ez ikusiarena egin. Eta jokabide horrek helduontzat erosoa ematen badu ere, umeei frustrazioa eta amorrua eragiten die, eta abandonatuta sentitzen dira. Umeekin enpatia izatea ezinbestekoa da, izaten dituzten frustrazioei edota adierazteko ezintasunari zentzua emateko, eta, batez ere, eurei komunikatzeko erremintak emateko. Gu behar gaituzte, gure maitasuna, gure ulermena eta ziurtasuna.
  • Gure jarrera oso garrantzitsua da, geu gara-eta ziurtasuna eman behar dien heldua. Gu lasai egotea ezinbestekoa da; beraz, autokontrola garatzen ikasi behar dugu. Hau da, kasketak gertatzen direnean lasai egon behar dugu, patxadatsuak eta ulerkorrak izan. Askotan, ez dakigu zergatik harrapatzen dituzten kasketak, eta eurei adierazi behar diegu hori: “Asko maite zaitut, eta zuri laguntzeko nago hemen; ez zaitut utziko. Baina ez dizut kasketarik onartuko. Zer gertatzen zaizun ez badakit, ezin izango dizut lagundu.”
  • Helduok barneratu egin behar dugu umeek ez dituztela gauzak egiten gure arreta erakarri nahi izate hutsagatik; euren komunikatzeko era da. Umeek ez dituzte kasketak harrapatzen gu izorratzeko, gurekin komunikatzeko baizik. Haien mailara jaisten bagara, eurekin garatuko dugun komunikatzeko era ezegokia izango da. Oihu egiten badiegu edo oldarkortasuna erabiltzen badugu, ulertuko dute bortizkeria erabiltzea egokia dela.
  • Helduok oso burugogor izan gaitezke ohiturekin; baina ulertu behar dugu umeekin ustekabeak ohikoak izango direla. Beraz, guk ezarri behar dizkiogu mugak geure buruari: malguak izatea, umeen lekuan jartzea eta planak aldatzea lagungarria izaten da. Pentsatu behar dugu hainbat egoera edo ekintza benetan beharrezkoak diren ala ez: “Benetan joan behar al dugu orain umearekin erosketak egitera? Benetan egon behar al dute adin horretako umeek ordu eta erdi luze korroan jesarrita?”
  • Ahal bada, zenbait aukera eman. Beti jakin beharko genuke zeintzuk diren umeei gustatzen zaizkien ekintzak edo jolasak, beste irtenbideren bat eskura izateko; “Orain etxera joango gara, sasoia da-eta. Badakit ez duzula nahi, baina etxera iritsitakoan bainatu egingo gara, jakin dakit-eta oso atsegin duzula.”
  • Denok behar ditugu mugak gure bizitzan; beraz, ezezko batzuk saihestu daitezke, baina beste batzuk ez. Adibidez: “Aiztoek ebaki egiten dute-eta, ez hartu!” edo “Autoan ez joan uhala jantzi gaberik!”. Hau da, ezinezkoa da kasketa eragiten duten egoera guztiak saihestea, eta gainera kaltegarria ere gerta liteke –frustrazioa ezin da beti saihestu–.

Arestian aipatutako guztiak ez baitira barneratzen errazak, jarraibideak behin eta berriz errepikatuko ditugu eragina izan dezaten; izan ere, jokabideak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Kontuan izan behar dugu umeak gai diren ala ez guk nahi dugun hori egiteko; alegia, garapen-prozesuarekin bat datorren ala ez. Argi izan behar dugu umeen eredua garela, gure jarrerak errepikatuko dituztela eta arazoak konpontzeko erabiltzen ditugun baliabideak ikasi eta erabili egingo dituztela.

BESARKADA GOXO BAT ETA EGUENAN IKUSIKO DUGU ELKAR!!

 

Published by gukdakubrekeke

Kaixo

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: